Gurutz Jáuregui kidea, UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradun emerituada da Jakiunde 2024 egutegiaren urtarrileko protagonista. Egutegian eta honekin batera hilero plazaratutako bideo laburretan, Jakiundeko kideeek haien ibilbide profesionalez hitz egiten dute, ikerketa ildoen inguruko ideiak azaltzen dizkigute, edota gaur egungo erronkei buruz pentsatzen dutena adierazten digute. Gurutz Jáureguiren ustez, "aurrerabide zientifikoak ez du zentzurik giza balioak kontuan hartzen ez baditugu, baina beharrezkoa da gizateria justuagoa lortu nahi badugu."
Gurutz Jáuregi Bereciartu (Urretxu, 1946) UPV/EHUko errektoreorde izan zen, Zuzenbide Fakultateko dekano, eta Zuzenbide Konstituzional eta Administratibo Saileko zuzendaria. Irakasle bisitaria izan da Europako unibertsitatetan (Oxford University, Consiglio Nazionale delle Recerche, Erroma), nahiz Ameriketan (University of Reno, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Bolivia, Peru, Txile, Brasil eta Mexiko). NBEren (UNRISD) aholkulari zientifiko ere izan da. Hamalau liburu idatzi ditu bakarka; berrogeita hamar liburu baino gehiagoren argitalpena zuzendu edo partekatu du, eta hogeita hamar artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, ingelesez, frantsesez, italieraz edo alemanez. Besteak beste, ondoko sari hauek jaso ditu: Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza eta Gizarte Zientzien Saria (2003); Euskadi Ikerketa Saria (2004), Giza eta Gizarte Zientzien Alorrean, Eusko Jaurlaritzak emanda; Ana Frank Saria (1995), Giza Eskubideen eta Bakearen Kulturaren Defentsagatik, eta El Correo Kazetaritza-saria (1998). Halaber, finalista izan da hauetan: Anagrama Saiakera Sarian (1994); Kultura Ministerioak ematen duen Saiakera Sari Nazionalean (1995 eta 1997), eta Jovellanos Nazioarteko Saiakera Sarian (2000).