Solasaldiak

Sare sozialak gaztetxo eta nerabeen artean: erabilera, erabilkeria eta osasun mentala

Data: 2025.05.06
Ordua: 19:00


Enrique Echeburua akademikoak koordinatzen du hiru topaketa biltzen dituen Sare sozialen eta Interneten abusua: gazteen osasun mentalerako erronka Donostiako Aquariumeko auditorioan maiatzean antolatutako zikloa. Honen helburua da gazteen pantailekiko mendekotasunaren egungo errealitatea eta horren ondorioak aztertzea, eta proposamen zehatzak aurkeztea, bai maila terapeutikoan, bai prebentzioan, bai eskolan eta familian. Era berean, paper garrantzitsua ematen zaie gazteek eta nerabeek hartu beharreko autobabeserako neurriei.

Hauxe da egitaraua:

  • Maiatzak 6, asteartea, 19:00h: SARE SOZIALAK GAZTE ETA NERABEETAN: ERABILERA, ERABILKERIA ETA OSASUN MENTALA

Enrique Echeburúa, UPV/EHUko Psikologia klinikoko katedradun emerituaren hitzaldiak sare sozialen abusuaren ondorio psikologikoak aztertuko ditu, arrisku-faktoreak eta alarma-seinaleak azpimarratuz. Pantailekiko adikzioaz gain, pantailen gehiegizko erabilerak eragindako efektu psikologiko negatiboak eta nahaste mental posibleak deskribatuko dira.

  • Maiatzak 13, asteartea, 19:00h: SARE SOZIALEKIKO ETA PANTAILEKIKO MENDEKOTASUNA DUTEN GAZTEEN TRATAMENDU PSIKOLOGIKOA (AdCom programa).

Francisco Ferre, Madrildo Gregorio Marañón Ospitaleko Psikiatria Institutuko AdCom programaren arduradunaren hitzaldia. Honetan, pantailekiko mendekotasunak (sare sozialak, bideojokoak, online pornografia, etab.) dituzten gazteentzat Gregorio Marañón Ospitalean diseinatutako programa deskribatuko da, baita orain arte lortutako emaitza nagusiak eta etorkizuneko erronkak ere.

  • Maiatzak 20, asteartea, 19:00h: HEZKUNTZA ETA FAMILIA PREBENTZIOA

Mahai-ingurua prebentzio-alderdietan oinarrituko da. Zehazki, lehenik eta behin, familiak gailu digitalen erabilera egokian izan dezakeen zeregin aktiboa aztertuko da. Helduak pantailetan murgilduta badaude, zaila da gure seme-alabei munduan egoteko beste modu batzuk erakustea edo adin jakin batzuetan beren burua erregulatzeko eskatzea. Gurasoek eredu ona izan behar dute eta beren kontsumo digitaleko ohiturak aldatu behar dituzte. Bigarrenik, irakaskuntzaren garapen teknologikoa eta ikasgelako eta eskolako espazioetako abusuaren prebentzioa bateragarri egiteko eskolari esleitutako funtzioa aztertuko da. Teknologia berrien arriskuak bakarrik ikustea erredukzionista izan daiteke. Eta hirugarrenik, gazteek eta nerabeek beren intimitatea babesteko eta telefono mugikorren erabilera desegokia saihesteko eskuratu behar dituzten zibersegurtasuneko oinarrizko arauak aurkeztuko dira.

Solasaldian parte hartuko dute, Juan Manuel Machimbarrenak, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko "Psikologia klinikoa eta osasunaren eta ikerketaren metodologiaren" irakasleak; Altxa Burua Gipuzkoa Elkarteko Miren Ros Aiartzaguenak, eta zibersegurtasunean aditua den pertsona batek itxiko du mahaia. Helena Matute, Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko katedradun eta Jakiundeko akademikoak moderatuko du solasaldia.

Hiru ekitaldietarako sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Zikloa Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Gizarte Komunikazio eta Berrikuntzako Idazkaritza Nagusiak babesten du.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean