Balluerka Lasa, Nekane - Jakiunde

Balluerka Lasa, Nekane

Hautetsitako kide osoak

Psikologoa

Balluerka Lasa, Nekane

Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, Gipuzkoa, 1966). Euskal Herriko Unibertsitatean eskuratu zuen Psikologiako lizentziatura (1989), baita Doktore titulua (1993) ere. Ezohiko Saria lortu zuelarik bi kasuetan. Lizentziatura amaitu ondoren, irakasle lanetan hasi zen Psikologia Fakultatean.

Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna da 2009az geroztik. Hiru ikerketa lerro hauetan egin ditu ekarpen nagusiak: 1) Ebaluazio psikologikorako tresnak sortzeko eta haien kulturarteko egokitzapenerako metodologian, 2) Zientzia sozialetan eta portaera zientzietan erabil daitezkeen datu analisietan, eta 3) Psikologiaren arlo ezberdinetan esku-hartze programen diseinu, aplikazio eta ebaluazioan. Erakunde pribatu nahiz publikoekin kontratuak zuzendu ditu. Halaber, ikerketa lehiakor anitz zuzendu ditu edo horietan ikertzaile gisa parte hartu du eta Qualiker taldeko ikertzaile nagusia da, zeina euskal unibertsitate sistemako A talde gisa aitortua dagoen.

Artikulu zientifiko, liburu, liburu-kapitulu, eta ebaluazio nahiz diagnostikorako eskuliburu ugariren egile eta egilekide da. Hainbat doktorego-tesi zuzendu ditu, horietako gehienek europar aipamena, nazioarteko aipamena, EHUko doktoregoko ezohiko saria eta Eusko Jaurlaritzako “Euskal Gizartearen Egoera” saria eskuratu dutelarik. Estatuko eta nazioarteko biltzarretan ekarpen anitz egin ditu eta hitzaldiak ematera ere gonbidatua izan da sarritan.

Ikertzaile bisitari gisa egonaldiak egin ditu unibertsitate hauetan: Arizona State University (1995), University of California (2005) eta University of Manchester-eko Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research ikerketa zentruan (2010).

Nekanek ibilbide luzea egina du unibertsitate kudeaketan. Portaera Zientzien Metodologiako Espainiako Elkarteko (AEMCCO) eta European Association of Methodology (EAM) elkarteko kide fundatzailea da. Gaur egun, AEMCCOko Lehendakariordea ere bada eta EAMeko Executive Committee delakoaren kide. Halaber, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren patronatuko eta Bikaintasunezko Ikerkuntzarako Valentziako erkidegoko Fundazioaren (ValER) lehen batzorde zientifiko aholkulariko kide da. EAMeko aldizkari ofizialeko editore ere izan da, hots, "Methodology. European Journal of Research Methods for the Behavioral and Social Sciences".

Kataluniako Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatzeko Agentziako (AQU) kanpo aholkularia izan da 6 urtez. Honako kargu hauek izan ditu UPV/EHUn: Psikologia Fakultateko dekanordea (2004-2006); Ikasketa Berrikuntza eta Kalitatearen arloko errektoreordea (2006-2009); Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea (2012-2016); Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitateko Batzordeko kidea (2007-2012), eta Gizakiekin lotutako Irakaskuntzarako eta Ikerketarako Batzorde Etikoko kidea (2009-2012) eta burua (2012-2013). Gainera, 2017ko urtarriletik 2021eko urtarrilera bitartean UPV/EHUko errektore izan zen, epe horretan CRUE (Espainiako unibertsitateetako errektoreen konferentzia) batzorde iraunkorreko kide ere izanez. Frantziako errepublikako gobernuak Chevalier de l’Ordre des Palmes académiques izendatu du (2021), Gizarte eta Giza Zientzien Euskadi saria jaso du (2021) eta Aconcaguako Unibertsitateak (Chile) Honoris Causa Doktore izendatu du (2023).

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean