Barja Martínez, Sara
Kide urgazle gazteak
Fisikaria
Sara Barja Martínez Ramón y Cajal ikertzailea izan da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta Materialen Fisika Zentroan (CFM), eta 2024ko urtarriletik aurrera ikertzen jarraitzen du UPV/EHUn, Ikerbasque Associate Researcher gisa. Bere ikerketa egituraren eta erreaktibitatearen arteko erlazioen azterketan oinarritzen da (elektro)-katalisian. Horretarako, eskala atomikoko katalizatzaileen miaketa egiten du, ekortze-mikroskopien bidez eta in situ espektroskopiak erabiliz.
2012an Fisikako doktore titulua lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta doktoregoko aparteko saria jaso zuen egindako lanagatik. 2013an IOF Marie Curie Action proiektua jaso zuen Lawrence Berkeley National Laboratory-n (LBNL, AEB) eta Max Planck Institute for Solid State Research-en (Stuttgart, MPI-FKF, Alemania) doktorego ondoko ikasketak egiteko. 2016an CFMn sartu zen Ikerbasque Research fellow gisa, eta geroago, Ramón y Cajal bezala. 2021ean, Europako Ikerketa Kontseiluaren ERC-Starting Grant entzutetsua jaso zuen, COSAS proiektuagatik. Proiektu horren bidez, eskala atomikoko propietateak eta erreakzio-mekanismoak ulertzeko erronkari helduko dio, itsasoko uretan elektrolisia egiteko eta balio erantsi handiko konposatu kimikoak ekoizteko materialetan.
Bere lanak aplikazioak ditu ingurumena errespetatzen duten prozesu eta material katalitikoen garapenean. Laborategiko lana dibulgazioko hainbat jarduerarekin uztartzen du, eta Naukas, ¿Qué sabemos de...? edo JAKIN-MINA ekitaldietan parte hartu du. 2019an, Zientzia arloko Gazte Talentuaren Hipatia Saria jaso zuen, eta 2023an, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume ikertzailetzat aitortu zuten.