Errea Lope, Ion
Kide urgazle gazteak
Fisikaria
Ion Errea (Donostia, 1984) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Fisikako lizentzia (2007) eta doktoregoa (2011) eskuratu ditu. Doktorego osteko ikertzaile aritu da Parisko Université Pierre et Marie Curie-n eta Donostia International Physics Center-en (DIPC). Finalista izan zen 2015 Volker Heine Young Investigator Award sarietan, eta Journal of Physics: Condensed Matter argitalpenak Emerging Leader izendatu zuen.
2018az geroztik, UPV/EHUren Materialen Fisika Zentroan Quantum Theory of Materials ikertaldeko burua da, eta 2015etik, irakasle atxikia, Fisika Aplikatua 1 Departamentuan (UPV/EHU) eta DIPCeko ikertzaile elkartua.
Bere ikerketa-ildo nagusia solidoen propietate konplexuak kalkulatzeko metodo teorikoak garatzea da: efektu kuantikoak eta ez-harmoniatsuak bibrazio atomikoetan; elektroi-fonoi interakzioa; eta metodo horiek aplikatzea supereroaleetan, hain zuzen, hidrogenoan oinarritutakoetan, material termoelektrikoetan, solidoen eta nanoegituren fase-trantsizioetan eta abarrean.
Ion Errea liderra da ERC-European Research Councilek finantzatzen duen Starting Grant proiektuko Discovery and Characterization of Hydrogen-Based High-Temperature Superconductors egitasmoan. Gainera, beste agentzia batzuek finantzatzen dituzten ikerketa-proiektuetan hartzen du parte (Espainiako Gobernua, PRACE, etab.).
Ikerketa-lan horien guztien ondorioz artikulu zientifikoak argitaratu ditu ospe handiko aldizkarietan, esaterako Nature, Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, Nano Letters eta Physical Review Letters argitalpenetan. Era berean, hizlari aritu da nazioarteko hamarka biltzarretan.
Dibulgazio-lanei dagokienez, ohiko kolaboratzailea da Euskadi Irratiko programetan eta Mapping Ignorance blogean idazten du.
Ion Errea JAKIUNDEko jakitun urgazle gazte hautatu zuten 2019ko azaroaren 8an.