Garcia Etxarri, Aitzol - Jakiunde

Garcia Etxarri, Aitzol

Kide urgazle gazteak

Fisikaria

Garcia Etxarri, Aitzol

Aitzol Garcia-Etxarri (Donostia-San Sebastián, 1981) Ikerbasque ikertzailea da gaur egun Donostia International Physics Center zentroan, eta 12 lagunek (6 gizon, 6 emakume) osatutako ikerketa-talde bateko burua da bertan. Nano eskalan argiak eta materiak duten interakzioa aztertzen du batez ere bere ikerketa-taldeak, oinarrizko zientziaren alorrean zein aplikazioak bilatuz problema biologikoetan eta teknologia kuantikoetan.

Fisikan doktore graduatu zen 2010ean Euskal Herriko Unibertsitatean, Javier Aizpuruaren eta Pedro Miguel Echeniqueren ikuskapenarekin. Doktoretzako aparteko saria eta nazioarteko doktoretzako aipamena jaso zituen bere tesiak. 2011tik 2014ra bitarte, 4 urtez, doktoratu ondoko ikertzaile gisa lan egin zuen Standford-eko Unibertsitatean Jennifer Dionne-ren laborategian.  “Fellows Gipuzkoa” laguntza bat lortu zuen 2014an bere karrera DIPCn ikertzaile independente bezala hasteko.

Bere ekarpen zientifikoei dagokienez, seminaltzat jo daitezkeen zenbait artikulu argitaratu ditu Aitzolek hainbat ikerketa-arlotan. Aitzindaria izan zen antena optikoekin hobetutako xurgapen azpigorriko elektroskopiako lehenengo esperimentuei azalpen teoriko bat ematen. Bera izan da, halaber, indize altuko nanopartikulek galerarik gabeko antena optiko magnetoelektriko gisa jokatu dezaketela frogatu zuen ekarpen seminal baten lehenengo egilea. Standfordeko Unibertsitateko doktoratu ondoko ikertzaile gisa, nanopartikulek areagotutako molekula kiralen dikroismo zirkularreko espektroskopiaren esparru teorikoa garatu zuen, eta argiaren bidez eragindako eta nanopartikulen bitartez gauzatutako enantiobereizketako teknika bat asmatu eta patentatu zuen. Ikertzaile independente gisa, ekarpen handiak egin ditu bere ikerketa-taldeak fotonika topologikoaren alorrean, hala nola kristal fotoniko batean topologia hauskorreko lehen kasua topatu izana, edo kristal fotoniko batean lehenengo fase axonikoa aurkitu izana, halaber.

Gaur egun Rafael Yusterekin batera gidatzen du B3N Basque NanoNeuro Network ekimena, 9 ikerketa-talderen (7 Euskadin, 2 AEBn) nazioarteko partzuergo bat, nanoteknologiak neurozientziaren alorrerako duen aplikazioa aztertzen duena.

Dibulgatzaile zientifiko aktiboa da Aitzol. Urtean zehar konferentzia ugari ematen ditu, ohiko kolaboratzailea izan da Euskadi Irratian 2007az geroztik, eta, horrekin batera, JotDown Magazine aldizkariaren kolaboratzailea eta DIPCren "Mestizajeak" diziplinarteko programako kidea. “Harrotasuna Zientzian” ekimenaren sortzaileetako bat izan da Euskadin, Euskadiko zientzia-arloko LGBTIQ+ komunitatearen agerikotasuna areagotzea helburu duen ahalegin aipagarri horretan.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean