Gonzalo García, Ramón - Jakiunde

Gonzalo García, Ramón

Karguagatiko kide osoak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea

Gonzalo García, Ramón

Ramón Gonzalo García (Logroño, Errioxa, 1972) Telekomunikazioko ingeniaria eta aparteko sariduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1995), eta doktorea unibertsitate berean (2000), kalifikazio handienarekin eta Europako Doktore aipamenarekin. 1995. urtean sartu zen NUPen irakasle laguntzaile izateko, 2003. urtean Unibertsitateko titular bihurtu zen, eta 2010. urtean Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen arloko katedra erdietsi zuen. Ikertzaile gisa, Unibertsitateko Smart Cities Institutuari atxikia dago (ISC).

Bere ikerketa nabarmenenen artean, Hispasat, Astra eta Amazonas sateliteen antenetarako diseinuak egin ditu, baita Terahertzen (THz) teknologia garatu ere, bai aireportuetarako eta medikuntzako irudien sistemetarako irudi kamera berriak diseinatzeko, bai hainbat sentsore motatarako. Defentsa Ministerioaren Espainiako ordezkaria izan da ikerketari eta teknologiari buruzko zenbait SET panel egiteko (Sensors & Electronics Technology), baita Metamaterialen Europako Institutu Birtualaren Zuzendaritza Batzordeko kide ere.

Zuzendaria eta arduraduna izan da hainbat entitate publikorekin egin diren 24 ikerketa-proiektutan, honako erakunde hauen finantzabidea izan dutenetan: Nafarroako Gobernua, MINECO (Ekonomia Ministerioa), Industria Ministerioa, Europako Espazio Agentzia, VI. eta VII. esparru programak eta Horizonte 2020. Gainera, beste 28 ikerketa-proiektutan eta 25etik gora I+G kontratutan hartu du parte enpresa eta administrazioekin, eta arduraduna izan da horietako 13tan. Beste lankide batzuekin lankidetzan bost patente egin ditu, eta haietako bi nazioartean hedatuak daude. Ikerketa-egonaldiak egin ditu bai Europako Espazio Agentzian (Herbehereetan), bai Rutherford Appleton Laboratory izenekoan (Ingalaterran) eta bai Forschungszentrum Karlsruhe zentroan (Alemanian). Halaber, ikertzaile gonbidatua izan da Europako Espazio Agentziak antolatutako eta RALen garatutako STAR TIGER programan (Ingalaterra), baita Rutherford Appleton Laboratory erakundearen Silizioaren Bidezko Mikrofabrikazioa izeneko programan ere.

Liburuetarako zazpi kapitulu egin ditu, baita JCR aldizkarietako 100 argitalpen baino gehiago ere. Horrez gain, 200dik gora argitalpen egin ditu nazioarteko hainbat konferentziatan (haietako 35, gonbidatu gisa), eta 50etik gora konferentzia nazionaletan (haietako lau, gonbidaturik). Hainbat tokitan aritu da proiektuak ebaluatzen, hala nola Esparru Programan (Espazioa eta FET gaien inguruan), Madrilgo Komunitateko ikerketa-programetan, EraPerMEd programan, Ministerioan, ANEPen (Kalitatea Ebaluatzeko eta Prospektibarako Agentzia Nazionala) eta UEFISCDI izenekoan (Goi Mailako Hezkuntza, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza finantzatzeko Unitate Exekutiboa). Bestalde, artikuluen orraztailea da 17 aldizkari zientifikotan, zeinen artean Nature Photonics nabarmentzen baita. Bederatzi doktoretza-tesiren zuzendaria izan da (horietako bostek nazioarteko edo Europako aipamena jaso dute), baita karrera amaierako berrogei proiekturena baino gehiagorena ere.

Bere ibilbide profesionalean, Ramón Gonzalok Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Saria jaso du Zientzia Zehatz, Biologiko, Mediko Teknologikoen arloetan izandako ibilbide pertsonal osoarengatik (2013), eta Europako Espazio Agentziaren Saria antenetarako gailu berri bat garatzen laguntzeagatik (1999). Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak ematen duen Nokia Saria ere irabazi du, Internet Mugikorrari eta Hirugarren Belaunaldiko Irtenbide Mugikorrei buruzko doktoretza-tesi onenarengatik (2001), eta artikulu onenaren lau sari dauzka nazioarteko beste hainbeste biltzar eta konferentziatan. Halaber, 2010. urteko ingeniari onenarentzako saria eman zion Errioxako Telekomunikazio Ingeniarien Elkarteak, eta urte bereko Crea EIBT saria irabazi zuen enpresa zientzien arloan oinarri teknologikoko proiektu onena aurkezteagatik.

Gainera, antolatzaile lanak egin ditu honako biltzar hauetan: Irratiaren Nazioarteko Zientzia Batasunaren (URSI) XXX. Sinposio Naziona (2015); “Metamaterials Congress 2008” nazioarteko konferentzia; “XII European School on Metamaterials: Antennas based on metamaterials technology and their applications” izenekoa, Iruñean egina; “27th ESA Antenna Technology Workshop on Innovative Periodic Antennas: Electromagnetic Bandgap, Left-handed materials and Frequency Selective Surfaces” izenekoa, Santiago de Compostelan egina, eta “Workshop in Metamaterials for Optics and Microwave applications” izenekoa, zeina Donostian egin baitzen. Era berean, goi frekuentziaren, mikrouhinen eta antenen teknologiari buruzko nazioarteko konferentzietan, batzorde teknikoko kidea izateaz gainera, zenbait saio berezi antolatu ditu.

Irakaskuntza kudeatzeko lanetan daukan esperientziari dagokionez, esan behar da Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) zuzendariordea izan dela Nafarroako Unibertsitate Publikoan, baita Telekomunikazio Ingeniaritza titulazioaren arduraduna (2006tik 2008ra arte) eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailaren zuzendaria ere (2008tik 2010era arte). Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterra prestatzeko lantaldeetako kidea ere izan da, baita master horretako kalitatearen arduraduna ere. Halaber, TIIGMETeko Batzordeko kidea izan da (2006tik 2012ra arte), NUPeko Klaustroko kidea (2008tik gaur egunera arte) eta Ikerketa Batzordeko kidea (2010etik 2015era arte). 2015. urteaz geroztik Ikerketako errektoreordea da.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean