Bengoetxea Caballero, José Ramón - Jakiunde

Bengoetxea Caballero, José Ramón

Karguagatiko kide osoak

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea

Bengoetxea Caballero, José Ramón

Joxerramon Bengoetxea (Irun, Gipuzkoa, 1963) Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna da, eta 1990etik da UPV/EHUko irakaslea. International Master in Sociology of Law erakundeko zuzendaria izan da 2007tik 2024ra, eta Oñatiko Zuzenbidearen Soziologiako Nazioarteko Institutuko  zuzendari zientifikoa, 2005-07 artean.

Ikertzaile gisa Edinburgoko Unibertsitatean doktoratu zen (1990), eta bertan Eusko Jaurlaritzaren ikerketa-beka bat izan zuen (1986-89). Neil MacCormicken zuzendaritzapean idatzi zuen bere tesia, eta honetan oinarriturik idatzi zuen The Legal Reasoning of the European Court of Justice liburua, 1993an Oxford University Pressek argitaratua. 

Bengoetxea irakasleak erabaki judizialetan, elkarrizketa judizialetan, epaileen soziologian, zuzenbidearen aplikazioan erabilitako argudioetan, hizkuntzan eta analisi juridikoan eta logika juridikoan garatu ditu bere ikerketak. Europako integrazio-prozesuaren analisiak eraman du Europako federalismora eta Europan estaturik gabeko nazioen eta eskualdeen parte-hartzera. Europako Giza Eskubideen sisteman eta Europa mailako integrazio politikoaren gorabeheretan ere zentratu da. Kultura juridikoa eta haren alderaketa izan dira bere beste aztergaiak. Era berean, justizia trantsizionala ere aztertu du, justizia penalaren sistemarekin duen harremanetik ikusita. Gai horietan guztietan hamaika doktore-tesi zuzendu ditu eta berrehun argitalpen zientifiko baino gehiago argitaratu ditu hainbat hizkuntzatan: ingelesez, frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz. Bost liburu edo monografia idatzi ditu - seigarren bat inprimatzeko zorian da-; eta hainbat liburu ere koordinatu ditu.

Ikertzaile eta irakasle gisa, dozenaka ikerketa-proiektutan parte hartu du, Europan zehar bidaiatuz eta munduan zehar hainbat egonaldi eginez: Berlin 1988an, Florentzia eta Saarbrücken 1989an, Oxford 2001ean, Helsinki 2006an, Bordele urtero 2012tik, Stanford hiruhileko bat 2012an, Helsinki beste hiruhileko bat 2013an, Kansai (Osaka) bost aste 2014an eta Florentzia berriro 2016an eta 2017an. 2023an, Helsinki Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen, eta haren ibilbide akademikoa aitortu diote. Espainiako Estatuan, zientzia juridikoetan eta giza zientzietan (artistikoetan) errekonozimendu hori jaso zuen lehen unibertsitatea izan zen. Bere lana Euskal Herrian ere nabarmendu da, hainbat sari jaso baititu: Eusko Ikaskuntza Saria (2010) eta Jesus Maria Leizaola Saria (2021).

Unibertsitatetik kanpo ere badu esperientzia transferentzia-lanetan: Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko letradua izan zen epaile britainiarrarekin (1993-98 eta 2001-2004). Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluko idazkari nagusia ere izan da (2015-2020), eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea izan zen 1998tik 2001era. Euskal Hauteskunde Batzordeko kide ere izan zen legealdi batean, eta Arabako Arbitraje Batzordeko kide da 2015etik. Unibertsitate kudeaketari dagokionez, Zuzenbide Fakultateko idazkaria izan zen 1991 eta 1993 artean, eta ehuGune programaren zuzendaria eta koordinatzailea 2012 eta 2021 artean.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean