Lazkano, Jesus Mari
Hautetsitako kide osoak
Margolaria
Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) Arte Ederretan lizentziaduna (1982) da, eta Arte Ederretako Doktorea (1994), Euskal Herriko Unibertsitatean, De distancia entre lo formal en arquitectura y la arquitectura como imagen tesiarekin (Formala denaren arteko distantzia arkitekturan eta arkitektura irudi gisa). Gaur egun Bilboko Arte Ederren Fakultateko Pintura Saileko irakasle titularra da.
Bakarkako erakusketa ugari egin ditu AEB, Suitza, Yakarta, Espainia, Italian eta Txinan, eta hainbat hiritan (New York, Chicago, Dallas edo Erroman, besteak beste) egindako egonaldiek bere lana segidako gai-serietan egituratu dute; horiek erreferente jarraitua dira bere pinturan, eta are gehiago estutu dute arkitekturarekin duen lotura.
Pintura arkitekturan integratzean interesaturik dago; hori dela eta, espazio publikoetan neurri handiko lan garrantzitsuak egin ditu (Eusko Legebiltzarrean, Euskalduna jauregian, Metro Bilbaon, San Mameseko aldageltokian, Gernikako ur-gordailuan, Euskal Herriko Unibertsitateko areto nagusian, besteak beste), baita Adrian Geuze arkitektoaren estudioarekin batera (West 8 Urban Desing & Landscape architecture) egindako Mataderos zubirako proiektuan edota Shangaiko Erakusketa Unibertsalean ere.
Erromako Arte Ederren Akademiaren beka eskuratu zuen 1998an eta harreman estua du Italiarekin, non sarritan bere lanak erakusten dituen.
Bilbaoarten Paisajes ¿Qué paisajes? mintegia koordinatzen du, paisaiaren kontzeptuaren eraikuntza intelektualaren inguruko gogoeta-topaketa gisa.
Bilboko BBK aretoan haren pinturaren azken 15 urteetako atzera begirako erakusketa aurkeztu zuten 2003an eta, horrekin batera, Katalogo Arrazoitua ere argitaratu zuten, Kosme Barañanok koordinatua.
Hego Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Titanio saria eman zion 2007an (ezagutza arkitektonikoaren ekarpena egiten duten artistentzako saria da), eta bakarkako erakusketa bat aurkeztu zuen Bilboko Guggenheim Museoan.
2010ean atzera begirako erakusketa handia aurkeztu zuen Bilboko Arte Ederren Museoan; azken hamar urteetako lanak ez ezik, berriki egindako lanak ere bildu zituen erakusketa horretan, arkitektura-natura dialektika ardatz hartuta, eta museoaren eraikinaren beraren zein haren lanak aitzakia tematikotzat.
2011n Natura Imaginis horma-lana ezarri zuen Bilboko Iberdrola dorrean (Cesar Peliren lana).
2012tik aurrera lan-egonaldiak egiten ditu New Yorken.
Haren azken serieak (2014) paisaiaren ikuspegi apokaliptiko eta sublimea du ardatz.
NEREA argitaletxeak plazaratuko duen "Nunca podrás estar ahí" entsegu liburua prestatzen ari da.
IKUSMIRA izenburua duen erakusketa eskainiko du epe laburrean Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan.
Jesus Mari Lazkano Jakiundeko jakitun hautetsia da 2016ko apirilaren 8tik.
Artikuluak