Lete, Xabier
In memoriam
Olerkari, musikari eta abeslaria
Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, 1944- Donostia, 2010). Zeruko Argia aldizkarian ohiko kolaboratzaile zen 20 urte zituela. 1965ean Ez Dok Amairu taldearen sortzaile nagusienetarikoa izan zen Mikel Laboa, Joxean Artze, Benito Lertxundi, J. A. Irigarai, Julen Lekuona eta Lourdes Iriondorekin batera. Taldearen izena Jorge Oteiza eskultoreak hautatu zuen, Oteizaren asmoa euskal eskola bat sortzea zen, kanta, estetika mundua, forma, kultura eta literaturaren lotura bat sortzea (Aristi, 2002, 40).
Berak zioenez, ezustean hasi zen Ez dok Amairun, 20 edo 21 urte zituela, Zeruko Argiarentzat idazten zuela, olerkiak idazten hasi eta gero. Xabier Leterekin batera Ez Dok Amairuren sortzaile izango ziren Joxean Artze eta Julen Lekuona ezagutu zituen idazle lan horren ondorioz. Jaialdien antolaketan laguntzen hasi omen zen, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundirentzako abestiak idatziz eta, kasualitatez, 1966ko martxoaren 26an, arratsaldeko 5etan, Seguran, taldekide bat gaixotu zelako haren ordez abestu behar izan zuen. Bizpahiru abesti prestatu eta bertso batzuk ere kantatu omen zituen. Egun hartan hasi zuen bere abeslari bidea.
Lehenengo poemategia 1968an plazaratu zuen: Egunetik egunera orduen gurpilean (1968), poesia sozialaren baitan koka daitekeen olerki bilduma. Bigarren poema liburua (1974) nihilismoz eta ezkortasunez beteriko lana da eta heriotza da gai nagusia.
Lourdes Iriondok bultzatu zuen kantagintzari eustera. Lourdes Iriondorekin batera egindako 1976ko diskoan bildu zituen Errota zahar maitea, Nafarroa arragoa y Lore bat, zauri bat.
Ez Dok Amairu desegin eta gero, 1975etik 1978ra, Antton Valverderekin bertso zaharren bertsio berriekin bi disko atera zituen. Olerkiak eta abestiak ez ezik, antzerkia ere idatzi zuen. 1977an, Eugenio Arozenarekin batera, Antzerkia deuseztik izatera lana argitaratu zuen eta bertan dago Txirritaren astolasterra antzerkia.1978an agertokietatik aldendu 1981ean Urrats desbideratuak poemategia argitaratu zuen.
80ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailean jardun zuen, Kultura Zuzendari lanetan lehenik (1983), eta Sailburu lanetan ondoren (1985).
Jarduera horren ondoren, bi disko kaleratu zituen: Eskeintza eta Hurbil iragana. 1992an Biziaren ikurrak poema bilduma argitaratu zuen.
2008an argitaratuko Egunsentiaren esku izoztuak liburuarekin 2009ko Euskadi Saria irabazi zuen.
http://www.euskomedia.org/aunamendi/78806
https://es.wikipedia.org/wiki/Xabier_Lete
https://www.youtube.com/watch?v=WR2hCeC0KWE
http://bcove.me/n5cf1zru