Martí Massó, José Félix
Hautetsitako kide osoak
Neurologoa
José Félix Martí Massó (Constantí, 1947). Euskal Herriko Unibertsitateko Neurologia katedradun emeritua. Donostiako Unibertsitate Ospitala-OSI Donostiako Neurologia Zerbitzuko buru, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Neurologiako irakasle titularra izan da, 2018an erretiroa hartu zuen arte. Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua, 1971n, eta 1975ean doktoratua, Nafarroako Unibertsitatean.
Espezialista gisa formatu zen Neurologian eta Barne Medikuntzan, Nafarroako Unibertsitate Klinikan. 1975ean, neurologo lehen eta bakar gisa hasi zen lanean Gipuzkoako osasun publikoan. 100.000 eri baino gehiago artatu ditu, eta 3.000 ikasleri baino gehiagori irakatsi die; haietako batzuk berak egun zuzentzen duen zerbitzuaren parte dira.
Ilundain Fundazioaren presidentea eta sortzailetako bat izan zen. Euskal Herriko Neurologia Elkartearen sortzailea eta lehen presidentea (1988-1992). Gaur egun Aubixa Fundazioko presidentea da.
LRRK2 genea identifikatzen lagundu du, zeinak dardarina (euskarazko dardara hitzetik) izendatu zuen proteina sintetizatzen duen. Egun, Europako proiektu batean (Mefopa) ari da, eta Michael J. Fox Fundazioaren LRRK2 partzuergoan, mundu osoko ikertzaileekin.
Aurkitu du zinarizinak (zaharrengan bertigoa tratatzeko erabiltzen den sendagai bat) Parkinson-sintomak eragin ditzakeela. Mayo Klinikako neurologoekin batera, LCRko pleozitosidun pseudomigrainaren sindromea deskribatu zuen lehen aldiz, egun HaNDL sindromea deitzen dena.
Ikertzaile nagusia izan da hamar ikerketatan eta 40 saiakuntza klinikotan baino gehiagotan. 300 lan zientifiko baino gehiago ditu argitaraturik (haietako 170 Medline datu-basean daude indexatuta). Hiru liburu idatzi ditu, eta beste zazpi argitaratu. 300 txosten baino gehiago aurkeztu ditu hainbat batzarretan.
Martí Massó doktorea 2014 Euskadi Sariaren jabe da Zientzia eta Teknologiaren arloan.