Sarasola Errazkin, Ibon
Hautetsitako kide osoak
Hizkuntzalaria
Ibon Sarasola Errazkin (Donostia, 1946). Goi Mailako Industria Ingeniaria (Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoa, 1970) eta Filosofia eta Letretan lizentziatua (Bartzelonako Unibertsitatea, 1975), Filosofia eta Letretan doktoregoa burutu zuen Koldo Mitxelenak zuzendutako euskal corpus lexikografikoari buruzko tesiarekin.
Bi urtez Bartzelonako Unibertsitatean irakasle izan eta gero, Koldo Mitxelenarekin elkarlanean aritu zen Salamancako Unibertsitatean (1978-79). Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean irakasle izan zen (1979-1984) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Euskara katedra bete zuen (1987-1998). Geroztik EHUko Letren Fakultatean Euskal Filologiako katedradun eta Euskara Institutuko arduradun izan da. Era berean, EHUko Gogo Elebiduna eta Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeetako eta Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegiko kide da.
1975ean Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak sustatutako hiztegigintzan hasi zen lanean, eta azpimarratzekoa da geroztik euskal hiztegien alorrean egin duen lana, besteak beste: Euskal hiztegi arauemailea (1977-1979), Gaurko euskara idatziaren maiztasun-hiztegia (1982), Hauta-lanerako euskal hiztegia (1984-1995), Euskal hiztegia (1996) edota Zehazki (2005).
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1966an eta euskaltzain oso 1988an. Koldo Mitxelena hil geroztik Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) (1987-2005) eta ondorengo Euskaltzaindiaren Hiztegia (2012) egitasmoen zuzendari izan da. Horrez gain, lexikografiaz, dialektologiaz eta euskal literaturaren historiaz hainbat lan argitaratu du, saiakerak, poesia eta narrazioez gain.
Ibon Sarasolak, besteen artean, honako sariak jaso ditu: Euskaltzaindiaren Lizardi poesia saria (1966); Mikel Zarate saiakera saria (1971); Bartzelonako Unibertsitatearen lizentzia sari berezia (1975); Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Industri Ingeniarien Elkargoaren omenaldia (1989); Donostiako Udalaren herritar merezimenduaren domina (1996) eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Ikerketa Saria (2011).