Setién Alberro, José Mª
In memoriam
Teologoa eta jurista
On Jose Maria Setien Alberro (Hernani, 1928 - Donostia 2018). Gasteizko Apaiztegian ikasi zuen, eta Erromako Unibertsitate Gregorianoan. Teologia Sakratuan lizentziatu zen han, eta Zuzenbide Kanonikoko doktoretza eskuratu zuen.
Apaiz ordenatu zuten 1951n, eta, 1955ean, Teologia Moraleko irakasle Gasteizko Apaiztegian. 1960an, irakasle izan zen Salamancako Eliz Unibertsitatean, bai Zuzenbide Kanonikoko Fakultatean, bai Teologiako Fakultatean, zeinean dekano izan baitzen.
Zuzendari espiritual izan zen Gasteizko Apaiztegian; bokazio berantiarrentzako El Salvador Ikastetxeko errektore, Salamancan, eta Pastoraltzako bikario, Santanderko Elizbarrutian.
1972an, Zama Minor-eko apezpiku titular izendatu zuten, eta Donostiako apezpiku laguntzaile. On Jacinto Argayak berak apezpikutu zuen, Donostiako Artzain Onaren katedralean, urte horretan berean. 1979tik 2000 arte, Donostiako apezpikua izan zen.
2003an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina eman zion, egiaren eta giza eskubideen alde egindako lanagatik.
Honako hauek izan ziren bere azken idazlanak: De la Ética y el Nacionalismo (2003); A los 40 Años de la Pacem in terris. Innovación y actualidad (2003); Pueblo Vasco y Soberanía (2003); Unidad de España y Juicio Ético (2004); Bases éticas para la paz. Reflexiones actuales sobre la Pacem in terris (2004); Al servicio de la paz en la Justicia (2006); Laicidad del Estado e Iglesia (2007), eta Un Obispo Vasco ante ETA (2007).
On José María Setién 2018ko uztailaren 10ean zendu zen Donostian.
Argazkia: Javi Colmenero
Elkarrizketa Euskonews