Zuazua Iriondo, Enrique
Hautetsitako kide osoak
Matematikaria
Enrique Zuazua Eibarren jaio zen (Gipuzkoa), 1961ean.
2018ko Abenduan Alexander von Humboldt Professorship ikerketa-saria jaso du Enrique Zuazuak, Friedrich-Alexander Universität Erlangen-Nürnberg (FAU) zentroan.
Era berean, DeustoTech Laborategian ikerlari senior gorena eta Matematika Konputazionaleko Katedraren zuzendaria da, eta Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) «DYCON: Dynamic Control» beka aurreratuko programaren bitartez finantzaturiko taldea zuzentzen du. Bestalde, Matematika Aplikatuko katedraduna da Madrileko Unibertsitate Autonomoan (UAM).
2008tik 2015era, ikerketa-irakasle gorena izan zen Ikerbasque Fundazioan, hain zuzen ere, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) erakundean 2008an sortu zuen zuzendari zientifiko gisa.
Matematikan lizentziaduna da (sari berezia) EHUn, baita doktorea ere (sari berezia), unibertsitate berean (1987) eta Frantziako Pierre et Marie Curie Unibertsitatean (1988); 1987-1988 ikasturtean, irakasle atxikia izan zen EHUn. Ondoren, Azterketa Matematikoko irakasle titularra Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. 1990ean, Matematika Aplikatuko katedra lortu zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta 2001ean UAMera lekualdatu zen.
Hauek dira haren espezializazio-eremuak: Ekuazioak Deribatu Partzialetan, Sistemen Kontrola, eta Zenbakizko Azterketa, bai eta horiek I+G+Bko hainbat arlotan dituzten aplikazioak ere. Arlo horiei zeharka egin dizkien ekarpenek eragin zientifiko handia izan dute.
Euskadi Saria jaso zuen 2006an, Zientzia eta Teknologia modalitatean, eta Julio Rey Pastor Saria, 2007an, Matematikan eta Informazio eta Komunikazio Teknologietan. Duela gutxi, Alemanian, 2013ko Humboldt Ikerketa Saria eman diote; 2013-2014 ikasturteko bigarren seihilekoan Toulouseko Matematikako eta Informatikako Nazioarteko Zentroko (CIMI) bikaintasun-katedra jaso zuen, eta Frantziako Lorraineko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen.
Berrehunetik gora artikulu argitaratu ditu eta haren lanak oihartzun nabarmena izan du: 2004an, ISI Institutuak (Thomson) «Highly Cited Researcher» (askotan aipatutako ikertzaile) gisa aintzatetsi zuen (h indizea: 33).
1990etik hona, Plan Nazionalak (gaur egungo MINECO) modu jarraituan finantzatu du haren lantaldea; horrez gainera, gaur egun, Ikerkuntzako Europar Kontseiluaren NUMERIWAVES diru-laguntza aurreratua ere eskura du haren lantaldeak (1.6 milioi euro, 2010-2016 aldian).
Irakasle bisitari gisa jardun du, honako erakunde hauetan: New Yorkeko Courant Institutuan eta Minnesotako eta Rice-ko unibertsitateetan (AEB); Rio de Janeiroko Unibertsitate Federalean; Cambridge-ko Isaac Newton Institutuan; Pierre et Marie Curie Unibertsitatean, bai eta Paris-Sud, Versailles, Orleans, Toulous eta Nizako Unibertsitateetan eta Parisko Eskola Politeknikoan ere.
ESAIM: COCV aldizkariaren editoreburua da, eta argitaratze-batzordeko kidea, eragin eta ospe handiko beste aldizkari batzuetan. Era berean, hainbat Zentro eta Agentziatako zientzia-batzordeetan parte hartzen du: aipatzekoa da, besteren artean, IMU Circleko kide dela; orobat, garabidean dauden herrialdeetan Matematikak bultzatzen dituen Matematika Puru eta Aplikatuen Nazioarteko Zentroko (CIMPA) presidentea ere.
Jendarteratze-lan handia egiten du, halaber: bost urtez (2009tik), Onda Vasca irratiarekin elkarlanean, Matematikei, I+G+B sistemari, oro har, eta Hezkuntzari lotutako gaiei heldu die, irratsaio baten bitartez; bai eta Deia egunkariko «Matemanías» eta 7k astekariko «con-CIENCIA» zutabeen bitartez. Ekarpen horiek haren webgune eleanitzean, enzuazua.net-en, jaso dira.
Enrique Zuazuari elkarrizketa Euskonewsen: http://www.euskonews.com/0429zbk/elkar_eu.html