"24 Emakume zientzia, arte eta letretan" Arrasateko Seber Altube Plazara iritsiko da martxoaren 5ean.
Egungo erronketako bat da emakumeek jakintzaren arloetan egiten duten lana ikusezin bihurtzen duten gizarte-ohiturak gainditzea. Neska-mutilek edozein diziplinatan aukera-berdintasunean ikasi eta lan egin dezaten, gure gizarteak emakumeek bizitzako arlo guztietan duten presentzia ezagutu eta ikusarazi behar du. Emakumeak ari dira zientzietan, arteetan eta letretan, eta egiten duten lanarekin gozatzen dute. Gizarteari errealitate hori erakustea eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea da erakusketaren helburua.
Erakusketarekin bat eginez, Nora Alonso jakitunak Zer jan nahiko zenuke gaur? izenburua duen hitzaldia eskainiko du martxoaren 13an, arratsaldeko 18:00etan, Kulturaten. Hitzaldian azalduko duenez, batez ere hiritarra den gure gizarte honetan, hozkailua ireki eta oinarrizko elikagaiak erraz, azkar eta merke eskuratzeko ohitura dugu. Horregatik, askotan ez gara ohartzen zer jaten ari garen, nola iritsi diren elikagai horiek gure platerera, nola sortu diren, edo zer mugarri teknologikok erraztu duten horiek hain modu erraz, seguru eta merkean eskuratu ahal izatea. Janariaz eta nekazaritzako elikagaien sektoreaz, aurrean dituen erronkei buruz, sektoreak bizi duen eraldaketaz eta ingurumenean eta gizartean eta ekonomian duen eraginaz hitz egingo du Jakiundeko kideak.
Arrasaten martxoaren 27ra arte iraungo duen erakusketak honako babesleak ditu: Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Nafarroako Gobernua, hiru Foru Aldundiak eta Laboral Kutxa. Horrez gain, Kulturate, Arrasateko kultura etxearen kolaborazioa du.