Paco Etxeberriak 2024ko Conchita Viera sariduna

Francisco Etxeberriak Conchita Viera saria jasoko du errekonozimenduaren lehen edizioan. Caceresko Diputazioak sortu du aintzatespena, oroimen demokratikoaren eta oroimen historikoaren alde lan egiten duten pertsonak eta erakundeak ohoratzeko. Bihar eskuratuko du saria.

Medikuntzan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (1991), Lege eta Auzitegi Medikuntzan osagile espezialista, Antropologia eta Biologia Forentsean espezialista, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Mediku Zuzenbidean Masterra, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra; 1983/84 ikasturteaz geroztik dihardu bertan irakasle. Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariordea 2000. urteaz geroztik. Hor bertan, Lege Medikuntzako irakaslea 1985/86 ikasturtetik. Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea izan da, eta 1973az geroztik da elkarteko bazkide. Joxe Migel Barandiaranen eta Jesus Altunaren indusketa eta espedizio espeleologikoetan ibilia da.

Berak zuzendu zuen Espainian gorpuak lurpetik ateratzeko egindako aurreneko ekintzan aritutako boluntario taldea, Priaranza del Bierzo udalerrian (León), 2000. urtean. Hain zuzen ere, huraxe izan zen Memoria Historikorako Elkartearen jatorria. Gerra Zibilean desagertutakoak eta hobi komunak aztertzeko xedez sortutako lantaldea zuzentzen du, eta memoria historikoarekin zerikusia daukaten elkarte ugarirekin aritu da lankidetzan, gorpuak lurpetik ateratzeko ehundik gora ekintzatan. Arlo horretan egin duen lan eskerga dela eta, «memoria historikoaren forentsea» izendatzen dute askok. Halaber, Txileko Gobernuko Giza Eskubideen Komiteko adituen batzordeko kidea da, diktadura-garaian desagertutakoak ikertzeko xedearekin.

Kasu zail askotan jardun du peritu independente gisa (Lasa eta Zabala, Bretón), bai eta ikerketa ugaritan ere: Víctor Jararen erailketa, Salvador Allenderen suizidioa, Pablo Nerudaren heriotza... Hainbat pertsonaia historikoren gorpuzkiak bilatzeko eta identifikatzeko lanetan ere aritu da; esaterako, Granadako azken errege Boabdilen kasuan, Marokon.  Gaur egun, Cervantes idazlearen hezurdura bilatzeko lanen bigarren fasea koordinatzen ari da, Madrilgo Las Letras auzoko Trinitarioen komentuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideak saria (2006) eta Eusko Jaurlaritzaren René Cassin saria (2007). Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria (2013).


Berri gehiago

HOTSAK/SONIDOS: Las Ideas Suenan en Donostia

Mariasun Landa eta Joakin Gorrotxategi Euskaltzaindiako ohorezko kide

Octubre en el calendario Jakiunde 2023: Naroa Ibarretxe

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean