Jakin-Mina

Jakin-mina ziurtagiri banaketa ekitaldia Nafarroan

Data: 2024.06.03
Ordua: 11:00
Lekua: Museo Universidad de Navarra (MUN)


Ekainaren 7an, Nafarroako Unibertsitatearen Museoan egin zen Jakin-mina ziurtagiriak banatzeko ekitaldia, Patricia Fanlo Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren parte-hartzearekin. KOntseilariak banatu zituen diplomak, Nafarroako Unibertsitateko Bromatologia eta Nutrizioko katedradun Iciar Astiasarán Jakiundeko lehendakariordearekin, eta Nafarroako Kutxa Fundazioko Kultura eta Gizarte Arloko zuzendari Irantzu Vazquezekin batera.

Bertan zen, era berean, Humberto Bustince Jakiundeko kidea, UPNA/NUPeko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialeko katedraduna eta Tuterako zikloko arduraduna. Iruñeko zikloko aurkezpenak egiteaz Jakiundeko kide Roldan Jimeno, UPNA/NUPeko Zuzenbidearen Historiako irakaslea eta unibertsitateko idazkari orokorra.

2023-2024 ikasturtean, lurralde osoko 14 ikastetxek hartu dute parte programan. 95 ikaslek eman dute izena (77 neska eta 18 mutil), eta horietatik 77k lortu dute diploma (62 neska eta 15 mutil), ziklo bakoitzeko bost hitzaldietatik lautan gutxienez parte hartu baitute.

Nafarroan Jakin-mina bi egoitzatan eskaintzen da: Iruñean CIVICANen eta Tuteran Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean. Hitzaldiak azarotik martxora bitartean egiten dira, hilean behin, ostiralez, 17:30ean.

Egitasmoan parte hartu duten Nafarroako ikastetxeak honako hauek izan dira: Altsasuko institutua, Andra Mari ikastola (Etxarri-Aranatz), Amazabal institutua (Leitza), Navarro Villoslada institutua, La Compasión-Escolapios ikastetxea, Monjardín lizeoa eta Paz de Ziganda ikastola (Iruñea), Pedro de Atarrabia institutua (Atarrabia-Villaba), San Fermin ikastola (Zizur), Toki Ona institutua (Bera), Argia ikastola (Fontellas), eta Benjamin de Tudela eta Valle del Ebro institutuak (Tutera).

Jakin-mina egitasmoan parte hartzeko ikastetxeetan ematen dute izena ikasleek. 2024-2025 ikasturteko programa irailean jakinaraziko zaie ikastetxeei, ikasturte berriaren hasieran.

Jakin-minak UPNA/NUPen eta Nafarroako Unibertsitatearen lankidetza du, eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren babesa.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean