Alonso Izquierdo, Alicia - Jakiunde

Alonso Izquierdo, Alicia

Hautetsitako kide osoak

Biokimikaria

Alonso Izquierdo, Alicia

Alicia Alonso (Bilbo, 1955) UPV/EHUko Biologia Molekularreko eta Biokimikako katedraduna da. Orduko Bilboko Unibertsitatean lizentziatu eta doktoratu zen Zientzia Biologikoetan (Biokimika). Doktoratu ondoko ikertzailea izan zen Royal Free Hospital-en (Londresko Unibertsitatea), Dennis Chapman irakaslearen laborategian. 1982an, berriro hasi zen UPV/EHUn. Geroago, bertako irakasle titular izan zen, eta 1992az geroztik, katedraduna. 1998an, Biofisika Unitate sortu berriaren (CSICen eta UPV/EHUren ikergune mistoa) lehen zuzendaria izan zen, eta gaur egun bertan lan egiten jarraitzen du. 1999-2000n, irakasle bisitaria izan zen Victoriako Unibertsitatean (Columbia Britainiarra, Kanada).

Bere gaur egungo ikerketak bi eremu nagusi ditu ardatz: (1) Esfingolipidoek mintzetan jokatzen duten rola. Mintzen propietate biofisikoetako aldaketak, lipido horien presentziak eragindakoak, aztertu nahi ditu, eta zeluletako esfingolipidoen mailei lotutako patologiekin erlazionatu. (2) Lipidoa-proteina interakzioek mintzen birmoldaketa erregula dezaketen prozesu zelularrak. Bere gaur egungo azterlanek autofagia dute ardatz eta, zehazki, autofagosomen (mintz bikoitzeko egiturak) sorrera eta horien geroko elongazioa eta fusioa lisosomekin. Horretarako, diziplina anitzeko hurbilketa egiten du, eta teknika biofisikoak, biologia zelularrekoak eta nanoteknologikoak konbinatzen ditu.

UPV/EHUn, Unibertsitateko Irakasleen Batzordeko kidea izan da (1988ko maiatzetik 1992ko urrira); Unibertsitateko Klaustroak berretsitako batzorde horretako lehen kidea. Baita Zientzien Fakultateko Batzordeko kidea (zenbait alditan; guztira, hogei urte baino gehiago) eta Unibertsitateko Klaustroko kidea ere (hamabost urte inguru). UPV/EHUren Biomintzen Taldeko CSICi lotutako unitateko zuzendaria izan da (1995eko urriaren 31tik 1999ko urtarrilaren 25era). UPV/EHUren eta CSICen ikergune mistoko Biofisika Unitateko zuzendaria izan da (1999ko urtarrilaren 25etik 2000ko abenduaren 18ra).

Biokimikako Lizentziaturako koordinatzailea izan da (2001etik 2004ra) eta Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua egiteko batzordeko presidentea (2008tik 2009ra). 2008an, «BioForo UPV/EHU» ekimena sortu zuen eta harrezkero koordinatzen du, Ana Zubiaga irakaslearekin batera. Urtero, hamabi bat mintegi antolatzen ditu, bai eta dibulgazio handiko jardunaldi zientifiko bat ere UPV/EHUren ingurunean. 2017az geroztik, Ikerketako Unibertsitate Batzordeko kidea da.

Zientzia-elkarteei dagokienez, Espainiako Biofisika Elkarteko (SBE) presidentea izan da 2006tik 2010era, Biokimika eta Biologia Molekularreko Espainiako Elkarteko (SEBBM) presidenteordea izan da 2010etik 2014ra, International Union for Pure and Applied Biophysics (IUPAB) erakundearen batzorde exekutiboko kidea izan da 2008tik 2014ra eta International Union of Biochemistry and Molecular Biology (IUBMB) elkartearen batzorde nazionaleko idazkaria izan da 2010etik 2014ra. 2015eko martxoaz geroztik, Espainiako Zientzia Elkarteen Konfederazioko (COSCE) idazkari nagusia da, eta 2019an berriz hautatu dute kargu horretarako.

Gadea Fundazioko zientzia-gaietarako aholku batzordeko kidea da, bai eta Biophysical Reviews eta Traffic aldizkari espezializatuetako argitalpen-batzordeko kidea ere.

Europar Batasuneko Horizon 2020 programa egiteko ministerioaren aholkularia da. Senatuko Ekonomia eta Lehiakortasun Batzordeko aholkularia izan zen, 2013an, «Ezagutza integratzeko, laguntzeko eta ETEei transferitzeko neurriei eta balio kode bat sustatzeari buruzko azterketa, I+G+B+D-aren esparruan» batzorde txostengilerako. Proiektu-ebaluatzailea eta ebaluazio-panelen kidea izan da Funtsezko eta Sistemetako Biologian eta Espazioaren Fisika eta Zientzietan, eta unibertsitateko irakasleen prestakuntzako beketan (Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Ministerioan eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioan) zenbait alditan, 1990az geroztik gaur egunera arte. Proiektu-ebaluatzailea izan da Argentinako, Txileko eta Herbehereetako nazioarteko agentzietarako eta nazioarteko fundazio pribatuetarako. Kanpo-ebaluatzailea izan da doktorego-tesietan (Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan) eta hezkuntza- eta ikerkuntza-sustapenerako Alemaniako, Ameriketako Estatu Batuetako, Herbehereetako eta Portugaleko unibertsitateetan.

2017an, Espainiako Biofisika Elkartearen Manuel Rico-Bruker Saria jaso zuen –Espainian garatutako biofisikako ikerkuntza-karrerak aintzatesten ditu–, eta 2019an, berriz, Getxoko Udalaren Aixe Getxo Saria jaso zuen –Zientzia- eta berrikuntza-kultura saritzen ditu–. Aurrez, Jordi Camp XI. Saria jaso zuen, produktu tentsoaktiboen ikerkuntzagatik.

Alicia Alonso Jakiunderen hautetsitako kide oso hautatu zuten 2019ko azaroaren 8an, Bergaran.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean