Etxeberria Gabilondo, Francisco
Hautetsitako kide osoak
Mediku legala eta forentsea
Medikuntzan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean (1991). Lege eta Auzitegi Medikuntzan osagile espezialista. Antropologia eta Biologia Forentsean espezialista, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Mediku Zuzenbidean Masterra, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasle titularra; 1983/84 ikasturteaz geroztik dihardu bertan irakasle. Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariordea 2000. urteaz geroztik. Hor bertan, Lege Medikuntzako irakaslea 1985/86 ikasturtetik.
Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea da. 1973az geroztik da hango bazkide. Joxe Migel Barandiaranen eta Jesus Altunaren indusketa eta espedizio espeleologikoetan ibilia da.
Berak zuzendu zuen Espainian gorpuak lurpetik ateratzeko egindako aurreneko ekintzan aritutako boluntario taldea, Priaranza del Bierzo udalerrian (León), 2000. urtean. Hain zuzen ere, huraxe izan zen Memoria Historikorako Elkartearen jatorria. Gerra Zibilean desagertutakoak eta hobi komunak aztertzeko xedez sortutako lantaldea zuzentzen du, eta memoria historikoarekin zerikusia daukaten elkarte ugarirekin aritu da lankidetzan, gorpuak lurpetik ateratzeko ehundik gora ekintzatan. Arlo horretan egin duen lan eskerga dela eta, «memoria historikoaren forentsea» izendatzen dute askok. Halaber, Txileko Gobernuko Giza Eskubideen Komiteko adituen batzordeko kidea da, diktadura-garaian desagertutakoak ikertzeko xedearekin.
Kasu zail askotan jardun du peritu independente gisa (Lasa eta Zabala, Bretón), bai eta ikerketa ugaritan ere: Víctor Jararen erailketa, Salvador Allenderen suizidioa, Pablo Nerudaren heriotza... Hainbat pertsonaia historikoren gorpuzkiak bilatzeko eta identifikatzeko lanetan ere aritu da; esaterako, Granadako azken errege Boabdilen kasuan, Marokon. Gaur egun, Cervantes idazlearen hezurdura bilatzeko lanen bigarren fasea koordinatzen ari da, Madrilgo Las Letras auzoko Trinitarioen komentuan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideak saria (2006) eta Eusko Jaurlaritzaren René Cassin saria (2007). Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria (2013).