Olaziregi Alustiza, Mari Jose
Hautetsitako kide osoak
Filologoa
Mari Jose Olaziregi Alustiza (1963) Euskal Literaturako katedraduna UPV/EHUn. University of East Anglian ditu eginak master ikasketak. Euskal Filologian Doktoradutza, berriz, UPV/EHUn, 1997an, analisi hermeneutikoa eta hurbilketa soziologikoa uztartu zituen Bernardo Atxagaren lanari buruzko tesi batekin. 1998an, tesian oinarritutako saiakera batek Arabako Foru Aldundiaren Becerro de Bengoa saria jaso zuen.
Europako nahiz Amerikako unibertsitateetan hitzaldi eta mintegi ugari eman ditu. Irakasle, berriz, University of Nevada, Reno (USA), Universität Konstanz (Alemania), University of Chicago edo City University of New Yorkeko Graduate Centerren aritu da.
Euskaltzain urgazlea da 2003tik, eta Center for Basque Studies-eko Basque Literature Series bildumako zuzendaria 2004tik (UNR). 2004-2006 artean IBBYko (International Board on Books for Young People) batzorde exekutiboko kide izan zen.
Bere ikerketa-ildoen artean daude Euskal Literaturaren Historia eta Kritika, memoria-ikasketak, euskarazko irakurketaren soziologia edo kultura- nahiz genero-ikasketak. 200 argitalpenetik gora ditu maila akademikoko aldizkari indexatu eta liburuetan. Horien artean daude, Waking the Hedgehog. The Literary Universe of Bernardo Atxaga (2005), Basque Literary History (arg., 2012), Literatura y Censura. Memorias contestadas (arg., 2021), Kirmen Uribe: escritura y vida (2021), edo Karmele Jaioren literatura, emozio gorpuztua (2022). Argitaratu dituen literatura-antologien artean, nabarmentzekoak dira An Anthology of Basque Short Stories (2005), gaztelaniara, italierara eta errusierara itzulia, edo Six Basque Poets (2006).
Hainbat Ikerketa-saretako kide da, hala nola, "Liter21" eta "Lijmi" (Universidade de Santiago de Compostela) edo "Memory and Narration" (University of Aarhus, Danimarka). 2012az geroztik, MHLI (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) ikertalde kontsolidatuaren ikertzaile nagusia da, egun 18 kidez osatua. Bertan, EAEko, Espainiako edo Europako erakundeek finantzatutako proiektuak zuzentzen ditu. Orain arte 14 doktore-tesi zuzendu ditu, batzuek nazioarteko aipamena izan dutenak eta sarituak ere bai.
2010 eta 2016 artean, Etxepare Euskal Institutuko (Eusko Jaurlaritza) Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaria izan zen. 26 irakurletza diseinatu eta kudeatu zituen mundu osoko unibertsitateetan, baita horiek sustatzeko biltzar eta bilera zientifikoak ere. Gainera, 8 Euskal Ikasketa Katedra sortu zituen atzerriko unibertsitateetan, literatura, hizkuntza, historia, arte ederrak, zientzia politikoak, antropologia edo euskal diasporari buruzko Ikerketa-egonaldiak bultzatzeko helburuarekin. Esandakoaz bat, euskal literaturaren nazioarteratzeko estrategia landu zuen Etxepare Euskal Institutuan, Frankfurt, Guadalajara, Miami, Göteborg, Bolonia edo Parisko liburu azoketan euskal idazleekin jarduerak antolatuz edo euskal literatur lanen itzulpenak eta aurkezpenak sustatuz.