Ferreira, Eva
Bizkaia
Euskal Herriko Unibertsitateako errektorea
Barakaldon jaioa (1963), Eva Ferreira Matematikan da lizentziatua UPV/EHUn,
Probabilitate eta Estatistikako masterra New York Universityren Courant institutuan eta Ekonomian doktore UPV/EHUn. Katedraduna da Ekonomia Aplikatuan 2005etik.
Bere oinarrizko ikerketa-ildoak dira probabilitate eta estatistika metodoak, eta hainbat eremutan aplikatzen dira, hala nola sendagaiek medikuntzan dituzten efektuen analisian, finantzen arrisku sistemikoaren ebaluazioan edo hautapen alborapenak kristalezko sabai efektuan duen eraginean. Ikerkuntzan duen lidergoa etengabe islatzen da ikerketa proiektu eta ikertalde lehiakorren zuzendaritzan, hainbat artikulu argitaratu dituelarik nazioartean eragin handia duten aldizkarietan. Europako hainbat unibertsitatetan (Bath, Giessen eta Freiburg) egin ditu ikerketa egonaldiak irakasle gonbidatu gisa, eta Europatik kanpo hitzaldi gonbidatuak eman ditu, hala nola Brasilgo Sao Pauloko Unibertsitatean, AEBetako Louisiana State Unibertsitatean edo Indiako Ahmedabad unibertsitatean. Bost doktore tesi zuzendu ditu, nazioarteko eta euskarazko tesiak ere barne.
UPV/EHUren Ekonomia Gaietarako eta Akademi Antolakuntzaren arloko errektoreorde (2004-2008) izan zen eta unibertsitate bereko idazkari nagusi (2009-2012), bai eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq, 2015-2019) buru ere.
Azken urteotan, zientzia dibulgazioa sustatu du hainbat foro eta formatutan (hitzaldiak, solasaldien antolaketa eta dibulgazio artikuluak). 2020ko martxoaz geroztik, CEMAT Matematiken Espainiako Batzordearen adituen batzordeko kide da eta lagundu du koronabirusari buruzko datuen modelizazioa eta monitorizazioa hobetzeko proposamenetan.
Eva Ferreira 2021eko urtarrilaren 25etik da Jakiundeko karguagatiko kidea.