García Zapirain, Begoña
Kide urgazleak
Telekomunikazio Ingeniaria
Begoña García Zapirain (Donostia, 1970) Telekomunikazioetako ingeniaria (UPV/EHU, 1994) eta Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko doktorea (Deustuko Unibertsitatean, 2004) da. Irakasle titularra da Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean, ANECAren Unibertsitateko katedradunaren akreditazioa du (2016) eta 2001az geroztik eVIDA ikerkuntza-taldea zuzentzen du. Zuzentzen duen eVIDA taldeak, «LIFE LIVING LAB (L3Lab)» izenarekin, European Network of Livings Labs (ENoLL) 2012 aintzatespena jaso du. Berrikuntzako espazio sozialen sarean ere aintzatetsi dute 2012an «LS2Tech» izenarekin.
Doktore-titulua jaso zuen «Prozesatze digitaleko eredua ahots esofagikoa lehengoratzeko» tesiarekin, otorrinolaringologiari aplikatutako ingeniaritza biomedikoaren eremuan. Harrezkero, bere ikerkuntza-arlo nagusiak pertsonen osasunari eta bizi-kalitateari aplikatutako IKTak ditu ardatz. Estatuko eta nazioarteko 100 ikerkuntza-proiektutan baino gehiagotan parte hartu du 2002az geroztik, eta horietako 50etan baino gehiagotan ikertzaile nagusia izan da. Proiektu horien ondorioz, 70 artikulu baino gehiago argitaratu ditu oihartzun handiko nazioarteko aldizkarietan, bi liburu eta hamabost kapitulu baino gehiago idatzi ditu, eta 150 komunikazio baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko konferentzietan. Gainera, jabetza intelektualeko 35 erregistro baino gehiago asmatu ditu, beste batzuekin lankidetzan.
2011n, Executive MBA enpresa-kudeaketako masterra bat egin zuen UPV/EHUn, eta promozioko ikasle onena izan zen. 2012an, zuzendaritza sanitarioko programa aurreratua egin zuen Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School-en.
Ikertzaile nagusia da Deustuko Unibertsitatearen partetik kronikotasuneko bikaintasuneko ikerkuntza-zentroaren Kronikgune ikerketa-taldean. Hau da izena: «Kronik 12/032 e-health/e-care: teknologia berriak osasunean eta gizarte-zerbitzuetan».
Ikerkuntza-ibilbidean, hainbat sari eman dizkiote. Hain zuzen ere, hauek: UD-Grupo Santander ikerkuntza-saria (2007), eVIDA zuzentzen duen ikerkuntza-taldearekin batera; ONCE Euskadi-solidarios ikerkuntza-saria (2007); Ada Byron emakume teknologoarentzako sarirako accesita (2015); Orange Fundazioaren 2016ko Emakumea eta Teknologia Saria, DONATIC 12x12 sarirako accesita (2015); UD-Grupo Santander sarirako accesita (2015); «Social Innovation in Ageing The European Award 2014» sarirako finalista; eta Benito Menni Berrikuntza Sozialeko Saria (2019).
Begoña Garcia Zapirain Jakiundeko kide urgazle hautatu zuten 2019ko azaroaren 8an, Bergaran.