López de Castro, José Antonio - Jakiunde

López de Castro, José Antonio

Hautetsitako kide osoak

Biokimikaria

López de Castro, José Antonio

José Antonio López de Castro Álvarez (Bilbo, 1949). Histokonpatibilitateko giza antigenoen (edo HLA antigenoak) biologia molekularrean espezializatutako immunologoa da.

Kimika Zientzietan lizentziaduna (1971) eta Zientzietan doktorea (1975) Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Doktoratu ondoren, ikertzaile gisa aritu zen Johns Hopkins University School of Medicine Unibertsitateko Biofisika Sailean (1976-1978), eta antigorputzen egiturari buruzko ikerketetan parte hartu zuen Roberto J. Poljak irakaslearen ikuskaritzapean. Ondoren, Harvardeko Unibertsitateko Biokimikako eta Biologia Molekularreko Sailean lagundu zuen (1978-1979) maila molekularrean ezagututako histokonpatibilitateko lehen antigenoaren (HLA-B7) egitura zehazten, Jack Strominger irakaslearen ikuskaritzapean.

Ikertzaile independente gisa aritu zen; lehenik, Madrilgo Jiménez Díaz Fundazioan (1980-1986), eta, gero, Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiaren eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroan (1987-2019) HLA-B27 antigenoaren propietate molekularren azterketan zentratu zuen batez ere bere ikerketa, eta, horrekin batera, proteina horrek espondiloartropatiak deitutako eritasun erreumatiko kroniko jakin batzuen patogenian parte hartzeko baliatzen dituen mekanismoak ere ikertu zituen, eritasun horien prototipoa espondilitis ankilosatzailea izanik.

Alor horretan, HLA-B27aren egitura kimikoa zehaztu zuen, baita eritasunarekin modu diferentzialean lotutako antigeno horren zenbait aldaera funtzionalena ere. HLA-B27ak ageri dituen errepertorio peptidikoen analisian zentratu ditu ondoren egin dituen ikerketak, baita aipatutako errepertorio horien eta espondiloartropatiak garatzeko joeraren arteko harremanetan, eta bakterioetatik eta giza proteinetatik datozen peptidoen arteko harreman estrukturaletan ere, eritasun horien mekanismo patogeniko posibletzat aztertuta. 2012tik aurrera, erretikulu endoplasmikoaren endopeptidasek (ERAP-1 eta ERAP-2) HLA-B27aren eta eritasun horri lotutako beste antigeno batzuen bidez (bereziki HLA-A29 eta HLA-B51) sistema immuneari aurkeztutako errepertorio peptidikoak prozesatzeko baliatzen dituzten mekanismoetan zentratu zuen batez ere bere ikerketa.

150 ikerketa-artikulu baino gehiago argitaratu ditu, eta 28 doktorego-tesi zuzendu. EMBO European Molecular Biology Organization erakundeko kide da, eta Ikerketa Zientifikoko Euskadi Saria irabazi zuen (1998).

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean