Jakiunde 2024 egutegiko maiatzeko protagonista Jesus Altuna antropologo eta arkeologoa da (Berastegi, 1932).
Egutegiko argazkiarekin batera Marina Palaciok egindako bideo laburrean, Ekain aipatzen digu Jakiundeko kideak, indusketak egin dituen lehen eta azken kobazuloa. Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta Historiaurreko irakasle gonbidatua UNEDen 1980tik 2002an erretiroa hartu zuen arte, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Saileko zuzendaria izan zen 1962tik 2006ra, eta Eusko Ikaskuntzako Historiaurreko Sailekoa (1976-1988).
Hainbat aldizkari eta elkarte zientifikoetako zuzendari izan da. Indusketa arkeologiko ugaritan parte hartu du, batez ere José Miguel de Barandiaran jaunarekin, 1958tik 1972ra arte, Aita Barandiaran erretiratu zen arte. 1973tik, indusketak zuzendu ditu Ekain, Arbil, Erralla, Torre, Amalda, Aitzbitarte III kobazuloetan, eta Altxerriko eta Ekaingo labar-artea aztertu du. Megalitoetan ere indusketak egin ditu, trikuharrietan zein harrespiletan. 2012an indusketa arkeologikoen zuzendaritza hasi zen haitzulo berean amaitu zituen, Ekainen. Nubiako indusketetan parte hartu zuen (1963), UNESCOren enkarguz, Asuango presa eraiki ondoren urak estaliko zituen hainbat altxor salbatzeko. Bere ikerketa-ildo nagusia Arkeozoologia eta
Labar-artearen azterketa izan dira. Arkeozoologia espezialitaterako, Alemaniako hainbat zentrotan trebatu zen. Gaur egun diziplina honen aitatzat hartzen da Espainian. Diziplina horretarako ezinbestekoa izan zen gure orubean Kuaternarioan izan diren Ugaztun, Hegazti eta Molusku guztien bilduma osteologikoa osatzen hastea. Lan horrek bere bizitza osoan zehar jarraitu du, bere emazte K. Mariezkurrenaren laguntzarekin. Bilduma honi esker, Euskal Herriko eta Nafarroako, Kantauri aldeko, Aragoiko, Gaztelako, Akitaniako eta Portugalgo indusketetako hezurrak aztertu ahal izan ditu, kasuan kasuko indusketa arkeologikoen zuzendariek eskatuta. Labar-arteari dagokionez, azpimarratzekoa da 1969an Ekaingo haitzuloa aurkitu zenetik, pinturen eta sarreran duen aztarnategiaren azterketa zientifikoa egiteaz gain, ondare-ondasun horren kontserbazioaren defendatzaile nagusia izan dela. Ondasun hori, Altxerrirekin batera, Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk. Hobeto kontserbatzeko eta zabaltzeko, Ekaingo "Ekainberri" erreplika sortu eta zuzendu zuen.