Itziar Laka 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariduna

Itziar Laka, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2024 jasoko du. Jakiundeko kidea Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritzako katedraduna da, eta euskararen eta elebitasunaren ikerketaren bitartez, euskararen eta Euskal Herriko garapen zientifiko eta kulturaren inguruan egindako ekarpen nabarmenaren ondorioa da saria.

Itziar Lakak hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritza lantzen dituen lehenengo ikerketa-taldea sortu zuen 2010ean. Hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da Euskal Herrian, estatuan eta nazioartean, eta hizlari gisa parte hartu du hizkuntzalaritzaren arloko nazioko eta nazioarteko biltzarretan. Era berean, irakasle izan da hainbat herrialdetako unibertsitateetan. Epaimahairen ustez, “eredu handia izan da, gazteen artean ere, euskara goreneko maila zientifikoan jarriz, metodologia berriak baliatuz, punta-puntako ikerketekin landuz, egun berebiziko garrantzia duten alorrak jorratuz”.

Bere ibilbidean funtsezko dimentsioa da euskara unibertsitatean eta gizartean sustatzea. Gaur egun Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako buru da EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzan. EHUko Euskara Institutuarekin lankidetzan, hizkuntzalaritza-lan klasikoen itzulpena sustatu du.

Jardun akademikoarekin eta ikerkuntzakoarekin batera, Itziar Lakak lan itzela egiten du zientziaren eta zientzia-kulturaren zabalpenean. Zentzu horretan, epaimahaiak adierazi du “Elebitasunaren inguruan egon diren mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera utzi ditu, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari bere orokortasunean ere, ekarpen nabaria eta agerikoa eginez”.

Iturria: Eusko Ikaskuntza

Galeria

Itziar Laka 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariduna
Itziar Laka 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariduna
Itziar Laka 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariduna

Berri gehiago

Apirila Jakiunde 2024 egutegian: Diego López de Ipiña

Maiatza Jakiunde 2024 egutegian: Jesus Altuna

Neurotecnologías: hacia la comprensión del cerebro humano

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean