SOLASALDIAK/COLOQUIOS. Demografia erronka: migrazioak

Jakiundek eta San Telmo Museoak "Demografia erronka: migrazioak" izeneko solasaldi sorta antolatu dute Donostian, urriak 10, 17 eta 24an, egitaraua honakoa izango delarik:

- Urriak 10, asteartea, 19:00h: Etorkinak hezkuntza sisteman

“Hezkuntza funtsezko oinarria da edozein gizarte eraikitzeko. Herrialdeek gizarte ekitatiboak, osasungarriak eta oparoak eraikitzeko egin dezaketen inbertsio berdingabea da. Giza Eskubideen Adierazpenaren arabera, “Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea”, baina hezkuntza ez da eskubidea soilik, giza garapenerako pasaportea baizik, ateak irekitzen dituena eta aukerak eta askatasunak zabaltzen dituena”. NBEk horrela definitzen du hezkuntza.
Testuinguru horretan, migrazioak erronka handia dira, bai hezkuntza-sistemarentzat, bai hezkuntza-sistemara iristen diren haurrentzat eta gazteentzat. Hezkuntza-sistemaren bidez egokitzen dira etorkin gazteak berena ez bezalako beste herrialde bateko geografiara, klimara, elikadurara, ohituretara eta hizkuntzara, eta, hezkuntza-sistemaren bidez bihurtzen dira harrera-herrialdeko herritar.

Solaskideak: Amelia Barquín, Francisco Luna eta Xabier Aierdi (moderatzailea).

 

- Urriak 17, asteartea, 19:00h: Inmigrazioa eta kultura aniztasuna

Epe labur samarrean, kulturalki askotarikoa bihurtu da gure gizartea, eta joera horrek hazten jarraituko du etorkizunean.
Kultur Aniztasunari buruzko UNESCOren Aldarrikapen Unibertsalaren arabera (2001), bakea eta segurtasuna bermatzeko tresna egokienetakoak dira kultura-aniztasunaren errespetua, tolerantzia, elkarrizketa eta lankidetza, elkarrenganako konfiantzan eta ulermen-giroan betiere. Hala, proposatzen du “elkartasuna handitzea, kultura-aniztasunaren aintzatespenean, gizaki guztion batasunaren kontzientzian eta kulturen arteko trukeen garapenean oinarrituta”. Gurea bezalako lurralde-testuinguruan nola aplikatzen da kulturartekotasuna, kulturen nahasketa, berdintasun-mailan, kultura bat bera ere besteak baino hobetzat hartu gabe eta kultura horiek guztiak gainerakoekin duten harremanari esker aberastuta?

Solaskideak: Angélica Romero, Andrea Ruiz Balzola, Eduardo Vieytez eta Jakeline Barker (moderatzailea).

 

- Urriak 24, asteartea, 19:00h: Migrazioen ondorio politikoak

Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (MNE) honela definitzen du migratzailea: bere ohiko bizilekutik mugitu den pertsona, bai herrialdean barrena bai nazioarteko herrialde baten muga igarota, edozein izanda ere bere egoera juridikoa, desplazamendua borondatezkoa edo nahi gabekoa izan den, eta edozein izanik ere desplazamenduaren arrazoiak edo egonaldiaren iraupena.
NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuen arabera, pertsonen migrazio eta mugikortasun ordenatua, segurua, arautua eta arduratsua ahalbidetu behar da, migrazio-politika planifikatuak eta ondo kudeatuak aplikatuta. Hala ere, politika bateratua, koordinatua, solidarioa eta pertsonarengan oinarritua bilatu beharrean, Europak atzeratu egin du immigrazioari eman beharreko erantzuna, eta kanpo-mugak zaintzeaz arduratzen den Europako Agentzia (Frontex) indartzearen aldeko apustua egin du. Agentzia hori “borrokatzeko” sortua da, ikuspegi militarrarekin eta ematen du kanpoko armada inbaditzaile bat dugula aurrean, eta “mehatxua” dakarrela errefuxiatuen eta etorkinen fluxuak. Halatan, Europa ez da gai irtenbide bateratua aurkitzeko, bizirauteko, lan egiteko eta integratzeko harrera-lekua bilatzen duten pertsonentzat.
Nork izan behar du lidergo morala orain hibernatuak edo indargabetuak dauden balioetan oinarritutako Europan berriro sinesteko?

Solaskideak: Arantza Chacón, Julen Mendoza eta Juanjo Álvarez (moderatzailea).

 

Solasaldiak STM-ko auditorian izango dira eta sarrera librea da lekuak bete arte.

STM eta Jakiundek antolatutako jarduerak Donostia Kulturaren, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesa du.


Erlazionatutako artxiboak


Berri gehiago

Ana Zubiaga Jakiundeko lehendakari berria

Gema Varona Biktimologiako Munduko Elkarteko lehendakari hautatu dute

Uztaila Jakiunde 2024 egutegian: Nekane Balluerka

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean