Javier Tejada eta Nora Alonso akademikoek THE BLACK BOX erakusketaren itxierako topaketan hartuko dute parte Bergarako Laboratorium museoan, otsailaren 14an, goizeko 10:00etan.
Mahai inguruan bilduko dira Javier Tejada, Bartzolonako Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna; Norbert Bilbeny, Bartzelonako Unibertsitateko Etika katedraduna; Kerman López de Calle, Teknikerreko Informazio Sistema Adimenduen unitateko ikertzailea eta Adimen Artifizialeko espezializazioaren koordinatzailea; Jesús López Lobo, Adimen Artifizialeko ikertzailea Tecnalian; eta Nora Alonso, moderatzailea.
Laster itxiko den erakusketak adimen artifizialaren funtzionamendua modu interaktiboan ezagutzeko aukera ematen du, kontzeptuak eta errealitateak kuboaren lau aldetatik, hau da, lau ikuspegitatik azalduz:
Lehenik eta behin, adimen artifizialak gure egunerokoan, gure ohiko jardueretan duen eragina. Bigarrenik, industriaren sektorean duen inpaktua, AAk ekoizpena eta, oro har, lan-mundua alda ditzakeela erakutsiz. Hirugarrenik, alderdi soziala, giza harremanetan izan dezakeen eragina eta, azkenik, dilema etikoak: AA gure gizartean aplikatzea eta kontrolatzea. Horiexek topaketa honetan eztabaidatuko diren gaiak.