Teresa del Valle akademikoa zendu da

Teresa del Valle (Donostia-San Sebastián, 1937ko apirilak 1 - 2025eko apirilak 8) hil da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologiako katedradun emeritua izen zen 2007az geroztik, eta kolaboratzaile akademikoa 2012az geroztik. UPV/EHUko lehen Antropologia Katedra lortu zuen 1988an. 

Bere diziplinaren bultzatzaile izan zen Euskal Herrian, eta ikuspegi feministatik bere ibilbidea zabala izan zen irakaskuntza eta ikerketa antropologikoan.

2010ean Berdintasunerako Emakunde Sariaren banaketan adierazi zuenez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun- eta jariakortasun-harremanak bultzatzearen alde zegoen, eta, bere ustez, harreman horiek soilik lortuko dira "maskulinitatearen eta feminitatearen eskema dikotomikoekin, eta maskulinitatearen eta feminitatearen muturreko ezaugarrien goraipamenekin apurtuz, gizona indarkeriara eramaten dutelako, eta emakumea ahulezian eta babesgabetasunean jartzen dutelako".

Teresa del Vallek AEBetan egin zituen Historia ikasketak: BA Saint Mary College, 1966; MA (Historia) Saint Louis University, 1969; MA (Antropologia) University of Hawaii, 1974; eta Antropologian doktoratu zen unibertsitate horretan bertan 1978an. Ondoren, Geografia eta Historian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean (1980) eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktoratu zen 1981ean.

Ikerketa-lana 1970-1972an hasi zuen, Guameko Unibertsitatean, eta 1974-1978 artean, berriz, Hawaiiko Unibertsitatean. Azken horretan, beka bat izan zuen EAST-WEST Centerren, doktoregoa egiteko, eta landa-lanak Mikronesia izan zuen hizpide. 1979an AEBetatik bueltatu zen, eta irakaskuntza- eta ikerkuntza-esperientziari ekin zion EHUn. Urte horretan, ez zen existitzen Antropologia Soziala EHUn, eta orduko Donostiako Filosofia Fakultate gaztearen bigarren urtean, aipatu gaia emateko kontratatu zen lehen pertsona izan zen.

Harrezkero, diziplina ezartzeko eta finkatzeko lan handia egin zuen, eta Antropologia Feministaren berezko arlo eta metodologien aurrerapenean zentratu zen. Hala, 1984an, arlo horretako lehen doktorego-ikastaroa –«Sexu-bereizkuntza eta -hierarkizazioa–» eman zuen. 

Haren ikerketa-ildoak ondokoak izan ziren: kritika feminista gizarte-antropologian; hiri-antropologia; antropologia politikoa; memoriaren etnografia; metodologia kualitatiboak.

9 liburu idatzi zituen, 4 argitaratu eta 3 beste batzuekin batera idatzi. Gainera, hainbat argitalpenetan parte hartu zuen; horien artean, berak zuzendu zuen «Mujer vasca. Imagen y realidad» nabarmentzen da (Bartzelona: Anthropos, 1985), euskal testuinguruko antropologia feministaren abiapuntutzat hartzen baita.

Teresa del Valle European Association of Social Anthropologists (EASA, 1989) sortu zuten taldeko kidea zen, eta talde horretako lehen presidenteordea izan zen. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako presidenteordea izan zen (2006-2010).


Berri gehiago

24 Emakume zientzia, arte eta letretan erakusketa, Bergaran

Otsaila Jakiunde 2024 egutegian: Félix Goñi

Solasaldiak/Coloquios: Gestión del talento en el invierno demográfico

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean