Apezteguía Elso, Maite - Jakiunde

Apezteguía Elso, Maite

Kide urgazleak

Arkitektoa

Apezteguía Elso, Maite

Maite Apezteguía Elso (Iruñea 1956) arkitekto urbanista gisa graduatu zen Nafarroako Unibertsitateko Goi-mailako Eskola Teknikoan (1979) eta bertan egin zituen doktorego-ikastaroak 1981-82 urteetan.

Irakaskuntzarako zuen bokazioak hainbat jardueretara eraman zuen: Proiektuetako irakasle laguntzaile izan zen eta irakasle elkartu, ondoren, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolan bertan (1986-1998), Analisi Arkitektonikoko kanpo-irakasle (La Salle, Ramón Llull Unibertsitatea, Bartzelona 1999-2000), Proiektuen Tailerreko zuzendari Arkitektura Industrialeko Nazioarteko 2. Mintegian (Gasteiz 1999), eta III. Proiektuen Tailerreko irakasle arduradun (Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskola, 2017-2018). Hainbat arkitektura-eskolatako eta askotariko erakundeetako epaimahai ugaritan parte hartu du.

Ikastaroetan, biltzarretan eta aldizkako hitzaldietan esku hartu izanak diziplina arkitektonikoaren izaera intelektuala zein obraren materialtasuna komunikatzea ahalbidetu dio. Ulertze-maila bikoitz hori dela-eta aukeratu zuten Espainiaren ordezkari Veneziako Bienalaren Arkitekturako Nazioarteko 8. Erakusketan (Venezia 2002), eta parte-hartzaile Espainiako Arkitekturako VIII. Bienalean, “De 0, la mesa blanca” (0tik, mahai zuria), Nuevos Ministerios, Madril 2003.

Sari ugari jaso ditu bere jardun profesionalean, eta honako hauek dira azpimarratzekoak sari horien artean: Bentaberriko Etxebizitza Lehiaketako Epaimahaiaren 1. Saria eta Aipamen Berezia, Donostia 1993; Iruñeko Batzar Jauregiaren eta Auditorioaren Nazioarteko 3. Saria, 1998; Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Bazkundearen Egoitzarako Lehiaketa Murriztuko 1. Saria, Donostia, 1999; Erruki Etxerako Bizitegi Eraikin berrirako Lehiaketa Murriztuko 1. Saria, Iruñea 2011; eta finalista ere izan zen Arkitekturako Sari Nazionaletan, Gorraitzeko (Nafarroa) 16 etxebizitza parekatuko proiektuarekin, 2013an.

Nabarmentzekoak dira halaber lortutako 4 COAVN Sariak, Birgaikuntza Kategoria 1999 (Zubietako errota eko-museo gisa zaharberritzea), Etxegintza Kategoria 1999 (Familia bakarreko etxebizitza Gorraitzen), Birgaikuntza Kategoria 2003 (Donamariako Jauregia Dorretxea), Zuzkidura Kategoria 2007 (Merkataritza, Industria eta Itsasketa Bazkundearen Egoitza, Donostia).

Aldizkari ugaritan (Tectónica, Quaderns, A+T, On Diseño, Arketypo, Cercha, VPOR2, Con Arquitectura, Menhir, Promateriales, eta abar) argitaratu du bere obra, baita hainbat on line argitalpenetan ere (Tarte Magazine, Architizer, Tectónica-Online, Hic Arquitectura, Stepien-en eta Barno-ren bloga, .Bak, Pedro Pegenaute, eta abar).

Apezteguía Arquitectos enpresa sortu zuen 2012an.

Maite Apezteguía 2021eko azaroaren 12an hautatu zuten Jakundeko akademiko urgazle.

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean