Felix Goñi saritu du Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak

Félix Goñi Urcelay akademikoak Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak emandako Dr. José Carrasco - D. Máximo Aguirre sariak jasoko ditu martxoaren 27an, Bilboko Sozietatean antolatutako ekitaldian.

XVIII. edizio honetan, Jakiundeko kidearekin batera, Etorkintza Fundazioa eta Juan del Arco Ortiz de Zarate famazialaria izan dira sarituak.

Félix Goñi Urcelay (Donostia, 1951) Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Biokimikako eta Biologia Molekularreko katedradun emeritua da, eta CSIC-EHU Zentro Mistoko Biofisika Unitateko zuzendaria izan da.

Medikuntzan eta Kirurgian doktorea, Nafarroako Unibertsitatean, doktoratu ondoko ikasketak Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital) egin zituen.

Zelula-mintzetako elkarrekintza molekularretan zentratu du bere ikerketa. Sei liburu argitaratu ditu, eta 265 artikulu; gonbidatutako eta osoko hitzaldi ugari eman ditu nazioarteko hainbat batzarretan eta mundu osoko unibertsitateetan. Bi patenteren egilekide da, eta hamabost doktore-tesi zuzendu ditu. Nazioarteko aldizkari espezializatu ugaritako argitalpen-batzordeko kide da, eta nazioarteko batzar anitzetako batzorde zientifikoko partaide izana.

Federation of European Biochemical Societies-eko Argitalpen Batzordeko presidentea izana da; Biofisika Bizkaia Fundazioaren sortzailea eta presidentea ere bai; Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Oso, eta Universidad Nacional de Córdobako (Argentina) ohorezko irakasle.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikako zuzendaria izan da, eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Oinarrizko Biologia Programako Batzordeko aditu (2002). 51st Annual Meeting of the Biophysical Society-ko (Baltimore, Maryland, AEB) Programako Batzordeko presidentea izan zen (2006).

2002an Euskadi Ikerketa Saria eman zioten eta 2013an Avanti Saria jaso zuen lipidoei buruzko europako ikerketa onena egiteagatik.


Berri gehiago

Apirila Jakiunde 2024 egutegian: Diego López de Ipiña

Enero en el Calendario Jakiunde 2025: Pedro Miguel Etxenike y Ion Errea

Teresa Catalán galardonada con el Premio Musika Bulegoa 2023

Itxi

Jakinduriaz bete nahi duzu?

Izena eman gure buletinean