Teresa Catalán musikagile nafarra da Jakiunde 2023 egutegiko azaroko protagonista.
Jakiundek Akademiako hamabi kide aurkezten dituen egutegi bat osatu du 2023an, 2022an sortutako lehen egutegiaren jarraipen modura. Egutegian aurkezten diren emakumezko jakitunek, ibilbide profesional luzea egin eta gero, bikaintasuna lortu dute beren diziplinetan, eta, beste emakumezko jakitun gazteago batzuk punta-puntako lana egiten ari dira beren lanbideetan.
Teresa Catalán (Iruñea, 1951), Konposizio eta Instrumentazioan katedradun emeritua da Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan. Artearen Filosofian doktorea da (Valentziako Unibertsitatea), eta Musika Estetika eta Sormenean Masterra (Valentziako Unibertsitatea). Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan hasi zituen piano eta konposizio ikasketak, irakasle ezagunen eskutik: Fernando Remacha, Luis Morondo, Luis Taberna, Juan Eraso eta Pilar Bayona. Musikagintzaren arloan jaso duen prestakuntzari dagokionez, nabarmentzeko moduko bi irakasle izan ditu, maisutzat dituenak: Agustín González Acilu (konposizio garaikideko teknikak) eta Ramón Barce (musikaren soziologia).
2011n, Merezimendu Zibilaren Ordenaren Enkomienda eman zioten. 2017an Musika Sari Nazionala irabazi zuen, Konposizio Sailean. 2021ean, Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Saria eta Espainiako Gobernuaren Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina eskuratu zituen, aurretik beste sari ugari ere jaso dituelarik, interpretazioaren, konposizioaren eta musikaren arloan egin duen ibilbidearen ohoretan.
Arte Eszenikoetan eta Musikaren Estatuko Kontseiluko kidea izan da, bai eta Musikaren Kontseilu Artistikokoa eta Nafarroako Gobernuko Kultura Sailekoa ere. Iruñeko Musikagile Taldearen sortzaileetako bat da. Libururik argitaratu du, hala nola Sistemas compositivos temperados en el siglo XX (2. edizioa) eta Música no tonal. Las propuestas de Julien Falk y Ernst Krenek (egilekidea). Liburu eta aldizkari garrantzitsuetan artikuluak argitaratu ditu, eta, orobat, hainbat obra musikal Espainian zein Alemanian. Papeles del Festival de la Música Española de Cádiz aldizkari zientifikoko erredakzio-kontseiluko kidea da, bai eta Madrilgo Musika Kontserbatorio Nagusiak argitaratzen duen Música aldizkariaren batzorde zientifiko eta editorialekoa ere. Bere konposizioak jaialdirik ospetsuenetan programatu dituzte, hainbat herrialdetan, eta Espainian zein Hungarian grabatutako zenbait CDtan jasota daude.
Gaur egun Konposizio eta Instrumentazioan katedradun emeritua da Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan.